Hitzen Altxorra

Proiektu honen helburu nagusia haur txikiengan irakurzaletasuna bultzatzea da. Horretarako, etxean, eskolan eta liburutegian, giro irakurle bat sortzeko bideak jorratu eta modu natural batean irakurtzeko, kontatzeko eta entzuteko ohitura sustatzen saiatuko gara.

Irakurketa altxor bat da. Haur txiki batek dasta dezake altxor horretatik baldin eta bere helduek “Irakurtzen ematen” badiote, jaten ematen dioten bezalaxe. Lehen hilabeteetan sehaska kantak abestuz, errima xume eta goxoak xuxurlatuz, irudi sinple batzuk eskainiz. Geroago, “irakurtzen ematea” ipuin bat kontatzea da edota poesia bat irakurtzea eta harekin jolas bat egitea. Orduan, Irakurketa bera eta ipuina bera, oinarrizko behar batean bilakatzen dira haurrarentzat, errealitatea ezagutzeko estimulu anitzak eskaintzen dizkiolako, bere zentzumen guztiak suspertuz.

Zentzu honetan “irakurtzen ematen” diogunean, haurraren garapen intelektuala, emozionala, soziala eta, aldi berean, hizkuntzarena estimulatzen ditugu. Horrez gainera, emozionalki ongi sentiaraziko dugu gaztetxoa haren tentsioak lasaitzen dituelako, bere beldurrak uxatzen dituelako, ipuinak berak “sentiarazten” diolako eta gozamena sentitzen duelako, berak maite duen heldu horrekin momentu goxo, zoragarri eta magiko bat pasatuz.

ZERGATIK EMATEN DIRA ONURA GUZTI HORIEK?

Sehaska kantu bat abesten dugunean, poesia bat irakurtzen ari garenean, marrazki bat haurraren aurrean jartzen dugunean edo ipuin bat kontatzen diogunean, haurraren maila psikologiko eta afektibo berean komunikatzen ari garelako; hau da, irudimenaren, fantasiaren, errealitatearen, posibilitatearen, keinuen eta hitz jokoen mailan jartzen garelako.

Lehenengo hilabete eta urteetan, errealitatearekin harremanak izateko, haurrak dituen komunikatzeko tresna nagusiak zentzumenak, mugimendua, erritmoa eta jolasa dira, batik bat. Tresna horiek aurkitzen ditu irakurketaren eta kontaketen bidez heltzen zaizkion istorio txikietan, errimetan eta jolas erritmikoetan, nagusiek beren istorio txikiekin ematen dizkion irakurketetan.

PROIEKTU HAU GURE IKASTOLAN 

Azken urteotan Galtzagorri elkarteak Bularretik Mintzora izeneko proiektua jarri du martxan hainbat herritan. Helburuak eta egitasmoa interesgarriak iruditu zitzaizkigunez, gure ikastolan antzeko proiektu bat martxan jarri nahi izan dugu. Gure Ikastolan hurrengo ekintzetan burutuko dugu.

IRAKASLE ETA GURASOENDAKO IKASTAROA

Guztira 2orduko 3 saio burutuko ditugu.

Haurrak Haur Literaturan eta ahozkotasunean murgiltzeko modurik eraginkorrena, afektibotasun, lasaitasun eta gozamenaren bitartez izango da, eta horretarako ezinbestekoa da hezitzaileak berak, Haur Literaturaz gozatzea.

Helburu nagusiena, hezitzaileek eta gurasoek euren baliabide gustukoenak bilatzea izango da. Saio hauek, Haur Hezkuntzako hezitzaileei eta gurasoei zuzendua daude. Honetarako metodologia partehartzailea erabiliko dugu, baliabide desberdinak elkarrekin ikertuz eta erabiliz, saioak teoriko-praktikoak eginez.

GELAKO LANKETA

Ikastolan, programazio sistematiko bat ezarriko da haur literatura bultzatzeko.

Egunero saio bat burutuko dugu: ipuin, olerki, asmakizun… eta bestelako baliabide literarioak erabiliz. Unean lantzen ari den proiektuarekin zerikusia izaten saiatuko gara. Baita, gure herriko edo bailarako kontakizun eta esaera zaharrak berreskuratzen ere.

Haurrek motxila txikian ekartzen diguten ipuinari tarte berezia eskainiko diogu.

IKASTOLAKO LIBURUTEGIA

Astero ikastolako liburutegira joango dira taldeka, bertan irakurketa saioak egitera: poesia, kantuak, ipuinak, antzezlan txikiak…

“MOTXILA TXIKIA” IKASTOLA-FAMILIA- HERRIKO LIBURUTEGIA

Helburua: Familia- ikastola eta herriko liburutegiaren arteko lotura sistematizatu bat sortzea. Astean behin, haur batek ikastolatik “motxila txikia” hartuko du. eta gurasoekin liburutegian aukeratuko du liburu bat. Hau etxera eraman, etxean begiratu eta irakurri eta hurrengo egunean eramango du eskolara. Hor edukiko dute aste betez, txandan hurrengo haurrak prozedura errepikatuko duelarik.

MALETEN MAILEGUA

Gurasoek Haur Literatura buruzko dagoen material ezagutzeko helburuarekin, Ikastolak hainbat liburu-maleta jarriko ditu gurasoen eskura. Txandaka familiek etxera eraman ahalko dituzte maleta hauek eta bertan dagoen materiala egun batzuetarako etxean eduki. Zer dute liburu-maletek barnean?

  • Gurasoek haurrei irakurtzeko liburuak.
  • Gurasoentzat gomendioak.
  • Maletetan dauden liburuen zerrenda.

ARTIKULU INTERESGARRIAK

BIBLIOGRAFIA

LOTURA INTERESGARRIAK

SOL. Servicio de Orientación a la lectura