Zuzendariaren agurra

Kaixo lagun:

Bergarako Mariaren Lagundia Ikastolako komunitatea osatzen dugun guztion izenean agurtu nahi zaitut gurera bisitan etortzeagatik, modu birtual baten ez bada ere. Euskal Herrian, bisitan datorrenari, geure etxeetan eskaini izan zaion harrera eta arreta eskaini nahi dizkizugu zuri ere.

Etxeari begira jarrita, nora zatoz ba? Lehenik eta behin, 200 urtetik gorako ibilbidea daukan etxeko atea jo duzula esan nahi dizut. Ez iraganari balio berezia eman nahi diogulako, iragana besterik ez baita, baizik eta gaurdaino iristea eragin diguten hauek azpimarratu nahi ditugulako: ilusioa, ikasle eta familien beharrei erantzun nahia, lana, gizarte aldaketei aurre egiteko gaitasuna eta guztion inplikazioa, besteak beste. Horiek gabe, ezin izango zenuke gaur gure etxea bisitatu, eta horiek dira orain ere gure etorkizunerako oinarri sendoak.

Gure etxeak bi euskarri ditu: kristau baloretan oinarritutako proiektua izatea eta euskara eta euskal kulturan murgilduta egotea. Mundu osoan hedatuta dagoen Mariaren Lagundiko ikastetxe bat gehiago gara, eta hortik gure izaera erlijiosoa, baina beste inon ez bezala, euskara hutsez dihardugun bakarra gara. Horra hor gure proiektuan garrantzi berezia daukaten bi arlo: unibertsaltasuna, elkarbizitza, besteekiko harremana ulertzeko modua, proiektu komun baten atal izatea, eta, indibidualtasuna, pertsona bera izatea proiektu horren ardatz, bere duintasunarekiko errespetuan eta bere garapen osoan.

 

Baditu etxeak guztion artean eraiki nahi dugun etorkizunari begira irekita dauden makina bat leiho eta ate, hainbat ilusio partekatu gordeta dituzten kutxak, ikasi eta hobetzeko aukera bihurtuko ditugun zailtasunak dituzten armairuak, edota beste mila kolore eta zirrikitu ere..., baina, ñabardura horiek jasotzeko, bisitarekin jarraitzera animatzen zaitugu.

Ongi etorri ba gurera, eta nahiago baduzu, laga birtualtasunak, etxean bertan ere gustura hartuko zaitugu eta. Ondo izan!!!

ZUZENDARITZA