Etapa Proiektuak

Etapa honetan landuko ditugun proiektuak hauek dira:

  • Psikomotrizitatea
  • Txokoak
  • Euskara

Psikomotrizitatea

Psikomotrizitatea deitzen diogu akzioaren bitartez norbera besteekin eta objektuekin harremanetan jarriz ematen den garapen psikologikoari. Garapen psikiko hau arlo kognitiboari eta arlo afektiboari dagokio, norbere burua ezagutuz bere autonomia garatuz eta besteekin sozializatuz.

Psikomotrizitatea oso baliagarria da garapen intelektualarentzat; besteak beste, umeari lagunduko dio espazioaren eta denboraren nozioak bereganatzen, gorputz-eskema eta lateralitatea ulertzen eta abar. Garapen afektiboari dagokionez, berriz, iniziatiba eta berezkotasuna garatzen lagunduko dio, inprobisazioa landuko du, behin eta berriz saiatu beharra landuko du, ikasteko motibazioa, norbere emozioen adierazpen eta kontrola, auto-estimua, frustrazioaren onartzea, txandak errespetatzeko gaitasuna, besteenganako eta besteen iritziekiko errespetua, e.a.

Horregatik guztiagatik, astero tarte bereziak eskaintzen dizkiogu arlo honi.

Txokoak

Hezkuntzaren etapa honen ezaugarririk nabarmenetako bat da umeen harremanak modu orokorrean direla eta ikasi ere modu orokor horretan ikasten dutela. Inguruarekin dituen harremanak eta egokitzeko duen era ere bere garapen pertsonalaren arabera aldatuko dira; bere pertsonalitatea, bere arlo afektibo eta emozionala, sentsoriala eta motorea, bere harreman sozialak, kognitiboak eta hizkuntzazkoak garatzen diren neurrian hain zuzen ere. Ezin dira garatu bakoitza bere aldetik, denak lotuta doaz.

Garapen hau ahalbideratzeko, manipulazioa eta elkarrekintza ziurtatuko duen antolaketa era eskainiko diegu, hau da TXOKOAK: (zirkulazio librea)

·         Plastika

·         Etxea

·         Mahai jolasak

·         Eraikuntzak

 Topagunean elkartuko gara denok, denon artean hainbat ekintza burutzeko eta elkarrizketak izateko.

Euskara

Gure euskalkia izango da etapa honetan erabiliko dugun hizkuntza; eguneroko bizitza arruntean eta era funtzionalean erabiliko dugu:

·         komunikatzeko

·         harremanetarako

·         ikasteko

·         gozatzeko

Honekin esan nahi dugu geure euskalkiari lehentasuna emango diogula eta honen erabilera eta kalitatea hobetzen saiatuko garela bereziki, beste hizkuntzak errespetatu eta baloratzen ditugun era berean.

Horretarako:

·         Ikasleei segurtasuna emango dien eta komunikazioa erraztuko duen giroa sortzen saiatuko gara.

·         Euskararen erabilera funtzionala eta instrumentala izan dadila sustatuko dugu.

·         Haurrei euskaraz zuzentzen zaizkien mezuak ulertuko dituztela ziurtatuko dugu.

·         Haurren ahozko ekoizpenak izan daitezela bultzatzen ahaleginduko gara.