Atzerriko Eskolekin Elkartrukea

Oinarrizko Hezkuntzaren Dekretuan agertzen diren hezkuntza gaitasun orokorretatik abiatuta (ikasten ikasteko gaitasuna, hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna, gizarterako eta hiritartasunerako gaitasuna, giza- eta arte-kulturarako gaitasuna eta norberaren autonomia eta ekimenerako gaitasuna), elkartrukatze programak hauek garatzen laguntzen digu, eskolak bere eremuetan dituen mugak gaindituz. Norbere identitatearen barruan ixteko joera gainditzeko, aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta, besteak onartu eta ulertzeko aukera ematen digu. Izan ere, gure eguneroko eremu babestutik Europako errealitate anitzera bidaiatzean, gure izaera eta gaitasunak garatzen ditugu. Bestalde, ikasleen adina kontutan izanda, esperientzia berri hau ikastolako bi irakasleekin burutuko dute eta beraz prozesua erraztuko du.

Arduradun orokorra: DBHko irakasleak. 

Norentzat: ikasleei zuzenduta.

HELBURUAK

Oinarrizko hezkuntzak, izaera hezitzaileaz gain gauzak egiteko prestatu behar ditu ikasleak eta horretarako ditugu gaitasunak. Hauek, bere barnean hartzen dituzte: trebetasun praktikoak, jarrerak, emozioak eta gizarte arloko nahiz portaerazko elementuak. Zertarako? Pertsonaren errealizazioa eta garapena lantzeko eta herritartasun aktiboa eta gizarte-integrazioa lortzeko. Horretaz gain, elkartruke proiektuaren beste ideia garrantzitsu eta ezinbestekoa ikaslea ukitzen duena da, hau da, ikaslearentzat esperientzia aberasgarria izango delakoan gaude. Bestalde, atzerriko hizkuntzaren erabilera eta ezagutzaren garrantziaz jabetuko dira modu kontziente batean. Azken finean, eleaniztasunaren eta kultura-aniztasunaren dibertsitatea ezagutzeko aukera ezin hobea dela deritzogu. Helburu zehatzak:

  • Gaitasunen garapena.
  • Ikasleentzat esperientzia aberasgarria izatea.
  • Komunikaziorako ingelesa erabiltzea.
  • Beste herrialdea, kultura, jendea, ohiturak… ezagutzea.

 

JOKABIDE ARAUTEGIA

KONTUAN HARTU BEHARREKOAK

  1. NAN eta pasaportea, osasun txartel europarra.
  2. Maletak: 15kg eta bulto bakarra, ostera, kg bakoitzarengatik 25€, hau da, 2kg, 50€ko isuna ordaindu beharko luke ikasleak. Oso zorrotzak dira kontu honekin. Hegazkinera, bulto bakar bat eraman daiteke.
  3. Arropa: hotz handia egin dezake eta komeni da neguko arropa eta erosoa (bizikletan ibili behar direnak) izatea.

 

JOKABIDE ARAUTEGIA

  1. Atzerrirako bidaia ikastetxeak ikasleentzat antolaturiko bidaia da, hau da, ikastetxeko arauak bidai guztian zehar mantenduko dira.
  2. Elkartrukea taldeko ekintza bat denez, ikaslea behartuta dago prestatutako dinamiketan parte hartzera. Gizabanako zein taldeko kide bezala taldearen segurtasun eta giro ona mantentzearen arduradun da.
  3. Elkartrukean parte hartzen duen beste ikastetxearen arauak bete behar ditu, baita familia eta herrialdekoak ere.
  4. Ikasleak arazoren bat sortuko balu edota jarrera arduragabea izango balitz taldearentzat, irakasleentzat zein familiarentzat, irakasleak ikaslea etxera bidaltzeko eskubide osoa du bidaia amaitu baino lehen. Kasu hauetan, irakasleen ardura gurasoei (edo tutore legalari) jakinaraztea da. Hau da, bidai estra horrek eragindako gastuak ikasleak edo bere gurasoek (edo tutore legalak) ordaindu beharko dituzte.
  5. ikasleren batek dagoen herrialdean legediaren haustura larri bat egingo balu, ikastetxearen ardura bakarra, gurasoei (edo tutore legalari) jakinaraztea izango da.

Jokabide arautegi honen helburua taldearen ongizatea bermatzea da. Gure nahia bidaiak eman ditzakeen, eta ziur gaude emango dituela, esperientzia positiboak dira. Elkartrukatzeak ikaslearen hezkuntza integralaren prozesuan duen garrantzia ukaezina da. Beraz, goazen bada, denok disfrutatzera.