EA21

 

 

Eskolako Agenda 21ekin bat egitea erabaki dugu eta horrekin gure ikastetxeko  eta gure udalerriko ingurumen kalitatean zerikusirik duten gaietan parte hartzeko, lan egiteko eta erabakiak hartzeko asmoa dugu. Gure ikastetxea zein gure udalak  ingurumen kontuetan eredugarriak izatea nahi dugu eta, hori lortzeko,  gure esku dagoen guztian ekingo diogu.

 

Horretarako ikasturte bakoitzean gai berri desberdin bati ekingo diogu, eta ikasturtean zehar hartutako erabakiak hurrengo urteetan ere betetzen jarraituko dugu. Aurten biodibertsitatea eta aniztasun kulturala gaiak landuko ditugu.

 

Dagoeneko hasi gara lanean! Gainera aurten LHko ikasleekin Patruila Berdea sortu dugu eta DBHkoekin, aldiz, eko-ordezkarien batzordea! Gure ikastetxea jasangarriagoa bihurtzeko lanean ari gara jo eta su!

Aldi berean, guztion artean gure ikastetxeetan zein bere inguruan biodibertsitatearen eta aniztasun kulturalaren egoera aztertuko ditugu. Biodibertsitatea eta aniztasun kulturala, gizateriaren ondare eta garapen faktore gisa sustatu nahi ditugu. Izan ere, biodibertsitateak eta kultura-aniztasunak gure aukerak zabaltzen ditu; garapen iturrietako bat da, ekonomia hazteko ez ezik, bizimodu intelektual, afektibo, moral eta espiritual egoki batera iristeko ere bai.

 

Gure irakasleek, biodibertsitatearen eta aniztasun kulturalaren inguruan jakin behar dugun guztia ikasteko jarduerak prestatuko dizkigute. Gai batzuk planeta mailakoak izango dira: munduko biodibertsitatearen egoera, bere galeraren kausak eta ondorioak, munduko aniztasun kulturalaren balioa, horrekin erlazionatutako gatazkak eta abar. Beste gai asko, herri mailakoak izango dira eta honela, gertuko egoera hobeto ezagutzeko aukera izango dugu.

 

Ikasten dugunarekin, guztien artean ikastetxerako plan bat egingo dugu: Helburua zera izango da: ikastetxeko biodibertsitatea areagotzea eta honen garrantziaz ohartzea, eta eskolan daukagun aniztasun kulturalaz jabetzea eta elkar ezagutza bultzatzea. Proposamenak guztiok egingo ditugu eta Eskolako Agenda 21 batzordearen laguntzaz plan bat bideratuko dugu. Plan hori gauzatzeko ardurak banatuko ditugu, argi utziko dugu zertan konprometitzen garen eta nola berrikusiko ditugun noizean behin planaren nondik norakoak.

 

Horrela, inguruko biodibertsitatearen ezaguera eta babesa indartzeko eta herriko zein eskolako aniztasun kulturala zaintzeko eta balioesteko proposamenak aurrera eramango ditugu. Plana ez da ikastetxeetako hormen artean geldituko: gure familientzat ere prestatuko ditugu gomendioak eta gu saiatuko gara etxean ere ikastetxean erabaki ditugun konpromisoak eta erabakiak gauzatzen.

 

Bukatzeko, gure lanaren beste atal garrantzitsu bat herriko Agenda 21en parte hartzea da. Nola?  Gure portaera aztertu ondoren, zentzuz eta irudimenez jokatzeko konpromisoa hartuko dugu eta helduei eta Udalari helaraziko dizkizuegu, udal foroan. Konpromisoez gain, udalari eta hiritarrei proposamenak aurkeztuko dizkiegu, arazoen konponbidea gure esku ez dagoen kasuetan gure iritzia ere kontuan har dezaten.