Hizkuntza Planteamendua

Hizkuntza, komunikatzeko erabiltzen dugun tresna izateaz gain, garapen pertsonalerako eta intelektualerako, gizartean integratzeko eta norberaren eta bestearen kultura garatzeko eta ezagutzeko giltza da.

Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegi berriaren ondorioz, hizkuntzek inoiz baino garrantzia handiagoa dute eskolan; izan ere, eremu guztietan eta gure egiteko guztietan erabiltzen dugun bitartekoa da.

Arduradun orokorra: hizkuntza irakasleak

Norentzat: ikasleei zuzendua

HIZKUNTZA HELBURUAK

Ikastolaren hizkuntza-helburu nagusia honakoa da: ikasleen komunikazio-konpetentziak garatzea, hizkuntzak bizitzako egoera eta behar guztietarako tresna eragingarri gisa erabil ditzaten.

Ikasketa kulturalak, estrategikoak, linguistikoak eta teknologikoak uztartzeko gai diren pertsonak hezi nahi ditugu, etorkizunean izango dituzten erronkei aurre egiteko beharrezko formazioa izan dezaten.

Euskara eta euskal kultura integrazio eta identifikazio tresna nagusiak dira. Horiek dira eskola jardueraren ardatz eta horien bitartez bermatzen dugu bertako hizkuntzen ezagutza eta erabilera, baita hizkuntza gutxituarekiko arreta berezia ere. Horrez gain, beste hizkuntza eta kulturekiko errespetu eta elkartasuna ere sustatzen ditugu.

HIZKUNTZEN TRATAERA BATERATUA

Gaur egungo umeek haurtzarotik hainbat hizkuntza entzuten eta erabiltzen dituzte eta hizkuntza ezberdinetan oinarritzen dituzte bereganatutako ezagutzak. Ezagutza horiek automatikoki transferitzen dituzte hizkuntza batetik bestera, espazio eta aldi berean hizkuntza ezberdinak erabiltzea ahalbidetuz.

Hori dela eta, hizkuntzak modu bateratuan lantzeko apustua egin dugu gure ikastolan, hizkuntzen arteko transferentzia sustatuz baina aldi berean hizkuntza bakoitzaren berezitasunei erreparatuz eta erabilera zuzena ziurtatuz.

Ezin dugu ahaztu euskal kultura eta hizkuntza gure ikastolaren oinarrizko balore direla. Hortaz, trataera bateratu horren barruan, euskaran ardaztutako eleaniztasuna dugu helburu. Horrela, gure ikasleak euskal eleaniztunak izan daitezen egiten dugu lan.

HIZKUNTZEN GAINEKO ERABAKIAK

Honekin guztiarekin, hezkuntza-prozesuaren bukaeran gure ikasle euskaldun eleaniztunek hizkuntzen gaitasun-maila jakin bat lortzea nahi dugu. Derrigorrezko hezkuntzaren amaieran, hezkuntza sistemak araututa dituen mailez gain, Derrigorrezko eskolaldirako euskal curriculumean(2006) ezartzen dira hizkuntza bakoitzean lortu beharreko gaitasun-maila, betiere Europako Erreferentzia Markoakproposatzen duen mailaketa aintzat hartuta.

Horrela, Ikastolako Hizkuntza Proiektuan zehazten diren erabakien eta jarraibideen xedea da gure ikasleek hizkuntza bakoitzean honako gaitasun-maila lortzea:

HIZKUNTZA

EUSKARA

GAZTELERA

INGELERA

FRANTSESA[1]

GAITASUN-MAILA

B2

B2

B1

A2

 

[1]Frantsesa DBHn eskaintzen da aukerako jakintzagai moduan. Hortaz, frantsesa ikasgaia aukeratzen dutenek lortuko dute aipatu maila.